Polimorfismo (biologia)

Kolore argiko jaguar morfoa

Biologian, polimorfismoa[1] espezie baten populazioan argi eta garbi desberdinak diren bi morfo edo gehiagoren agerpena da, fenotipo alternatibo gisa ere ezagutzen direnak. Horrela sailkatuak izan daitezen, morfoek habitat berbera okupatu behar dute aldi berean, eta populazio panmitiko batekoak izan behar dute, ausazko estalketa duen populazio batekoak alegia.[2]

Kolore iluneko jaguar morfoa

Beraz, polimorfismoa gene batean ezaugarri bat izateko bi aukera edo gehiago daudenean gauzatzen da. Besteak beste, Europan sitsa zipriztinduaren (Biston betularia) hiru morfo daude: morfo zuri tipikoa (betularia edo typica), tarteko morfoa (insularia) eta morfo beltz melanikoa (carbonaria). Morfo zuria eta beltza locus bateko aleloek kontrolatzen dituzte, beltza izanik dominantea. Tarteko morfoa, bestelako aleloek kontrolatzen dute.[3][4] Bestalde, jaguarra ere har daiteke adibidetzat. Bere larruazalari dagokionez, kolore ezberdinak aurkez ditzake; morfo argiak edo ilunak izan daitezke[5]. Hartara, gene jakinerako bariazio posible bat baino gehiago dituenez, 'polimorfismo' deitzen zaio. Hala ere, jaguarrak gene horretarako ezaugarri posible bakarra izango balu, "monomorfikoa" izendatuko litzateke. Esaterako, jaguar batek azal kolore posible bakar bat izango balu, monomorfo deituko litzaioke.

Polimorfismoa gertaera ohikoa da naturan; biodibertsitatearekin, bariazio genetikoarekin eta moldaerarekin erlazionatuta dago. Izan ere, polimorfismoak, oro har, era askotariko ingurune batean bizi den populazio batean askotariko formak izateko balio du.[6] Polimorfismoaren adibiderik ohikoena dimorfismo sexualarena da, zeina organismo askotan gertatzen den. Beste adibide batzuk tximeleten forma mimetikoa, eta giza hemoglobina eta odol motak dira.

Eboluzioaren teoriaren arabera, polimorfismoa eboluzio-prozesuen emaitza da, espezie baten bestelako edozein alderdi bezala. Herentziazkoa da eta hautespen naturalaren bidez egokitzen da. Polifenismoaren kasuan, banako baten konposizio genetikoak hainbat morfo ahalbidetzen ditu, eta morfoen arteko aldaketa eragiten duen mekanismoa ingurugiroa da. Polimorfismo genetikoan aldiz, konposizio genetikoak zehazten du morfoa, morfo ezberdinek desberdintasunak dituztelarik konposizio genetikoan.[7][8]

Halaber, polimorfismo terminoak, organismo beraren barruan zooide izeneko bi banako ezberdin baino gehiagoren agerpen estruktural eta funtzionalari egiten dio erreferentzia.[2] Adibidez, Obeliak elikatzen diren banakoak ditu, gastrozoideak; ugalketa asexualerako soilik gai diren banakoak, gonozoideak, blastostiloak; eta bizitza libreko edo ugalketa sexualeko banakoak, marmokak.

  1. (Greek: πολύ = many, and μορφή = form, figure, silhouette)
  2. a b Ford E.B. (1965). Genetic polymorphism. Proceedings of the Royal Society of London, 164(995), 350–361. https://doi.org/10.1098/rspb.1966.0037
  3. Majerus, M. E. N. (1998). Melanism: Evolution in action. Oxford University Press. https://doi.org/10.1093/oso/9780198549833.001.0001
  4. Clarke, C. A., eta Sheppard, P. M. (1964). Genetic control of the melanic form insularia of the moth biston betularia(L.). Nature, 202, 215-216. https://doi.org/10.1038/202215a0
  5. Mooring, M. S., Eppert, A. A., eta Botts, R. T. (2020). Natural selection of melanism in Costa rican jaguar and oncilla: A test of Gloger’s rule and the temporal segregation hypothesis. Tropical Conservation Science, 13, 194008292091036. https://doi.org/10.1177/1940082920910364
  6. Dobzhansky, T. (1970). Genetics of the Evolutionary Process. New York: Columbia University Press. http://archive.org/details/geneticsofevolut0000dobz_a6r6
  7. Clark, W. C. (1976). The Environment and the Genotype in Polymorphism. Zoological Journal of the Linnean Society 58 (3): 255-262. https://doi.org/10.1111/j.1096-3642.1976.tb00831.x.
  8. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman :2 izeneko erreferentziarako

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search